XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HITZAURREA Noiz nahi erabili izan dugu ahotan Matematika hitza, baina zer adierazi nahi izan dugu hitz horren bidez? Konzeptoak formulatan oinharriturik azaltzen dituen zientzia sail bat, baina ez dugu gogoan izan zientzia horrek duen egitura eta bere adar guztien arteko lotura.

Gehienetan Matematika esan ordez Matematikak esan ohi dugu geometria, algebra, aritmetika etab., bata bestearekin zerikusi handirik gabekoak bailirake.

Eta matematikaren irakaskintzari zer helburu jarri ote zaio? Guri zer irakatsi zaigun gogoratzea aski dugu hori ikusteko: kalkuloaren mekanikan trebetasun handia lortzea; zenbat eta zenbaki gehiagoko batuketa, biderketa eta gainetiko eragiketak egiten jakin, orduan eta jakintsuago haurra.

Zenbat aldiz entzun izan dugu gurasoen ahotatik: gure haurra oso aurreratua dator, izugarri azkar egiten ditu kuentak... eta horrelakoak?.

Azken, urteotan Matematika Berriaz baliatzen hasi gara haurren hezketan, baina bere muinaz jabeturik ala moda hutsez?.

Hezitzailearen kezka nagusia eta larria hauxe da: biziz betetako haur sortzaileari hezketa oso bat emateko irakaskintza nola molda?.

Inoiz ez da ahaztu behar haurra bera dela hezketaren ardatz eta hezitzaileen xedea haren pentsamendu (egiturak), izakera eta bere inguruarekiko harremanak desarroilatzeko bide egokiak sortzea.

Hezketa horrela harturik, matematika oso probetxugarri izanen dugu, batez ere kalkulo hutsetan ez bagara gelditzen eta matematika guztiaren osotasuna haurraren nortasuna osatzeko erabiltzen badugu.

Badu haurrak bere bizitza inguratzen duen ideiarik asko, nola edo hala parte hartzen bait du bizi duen giroan.